Historia

Udalerriko lehenengo biztanleei dagokienez, aurkitutako aztarna arkeologiko zaharrena Kristo ondorengo I. mendeko giza itxurako estela bat da. Natxituan aurkitu zuten eta ohiz kanpoko aztarna da Bizkaiko arkeologian. Aurrealdean giza itxurako irudia dauka eta atzealdean ikoroski formako gurutzea. Flaviotarren garaikotzat jo zuten (K.o. I. mendea) eta adituen arabera bertoko biztanleen artelana da, ageriko erromatar eragina duen arren.

Gaur egun ez dago ia Erdi Aroko herriguneei buruzko informaziorik. Hala ere, jakin badakigu Natxituako parrokia orduko Ibarrangelun kokatuta zegoela eta XV. mendean bereizi egin zela. 1325. urteko dokumendu baten arabera, badirudi Bedarona Lekeitioko elizateko zati bat zela hiribilduari puebla-karta eman baino lehen.

XIV. eta XV. mendeak oinaztarren eta ganboatarren arteko borroka odoltsuaren lekuko izan ziren. Borroka Bizkaia osoan zehar hedatu zen eta Eako udalerria erdibitu egin zen: Bedarona Adan de Yarza (Zubietako jaunak) familiaren alde agertu zen eta oinaztarren alderdian borrokatu ziren; Natxitua, berriz, ganboatarren alde agertu zen eta Adan de Yarza eta Arteaga familien babespean borrokatu zen. Gatazka horren isla ziren 1492. urte inguruan eraiki ziren gotor-etxeak.

Eako kasuan, baliteke arrantza eta antzeko jarduerak egiteko aldi baterako egonleku izatea. Hala ere, herria bera Bedaronako, Ereñoko eta Natxituako elizateetako arrantzale nabigatzaileek sortu zuten XVI. mendean. Udalerri berria itsasoaren gainetik dagoen itsasertzeko arku malkartsu batean kokatu zuten eta mugak Natxitua eta Apikale mendietan eta Ea Muturrean ezarri zituzten, Ereño eta Natxituako elizateen alboan. Data zehatza ezagutzen ez dugun arren, badakigu XVII. mendearen bigarren erdialdean Ereñok zuen eskumena Bedaronako elizatera eskualdatu zela.

Beranduago Gernika eta Lekeitio arteko komunikabide berria sortu zen eta nekazaritzarako lur aprobetxagarriagoetan ereiten hasi ziren. Gainera, jaurerrian bakea ezarri zen. Egoeraren hobekuntza orokorrak Bedaronako eta Natxituako hazkuntza ekonomiko eta demografikoa eragin zuen eta gutxinaka herriak garatzen joan ziren.

Orduko Eak auzo bana zuen ibaiaren alde bakoitzean. Bat Ereñoko elizatean zegoen eta bestea Natxituan, eta beraz bertako errejidore leialen menpe zeuden gobernu politikoaren arloan. Ez zeukaten ahotsik ezta boturik Gernikako Batzar Nagusietan. Herriak bi parrokia zituen; zaharrena 1550. urtean eraiki zuten, San Juan Bataiatzailearen izenpekoa zen eta Natxituako Andre Mariaren menpe zegoen. Benefiziodun apaiz batek egiten zituen elizkizunak eta bere nagusiak Lekeitioko Zubieta eta Arteaga oinetxeetako jabeak ziren. Jurisdikzio berean zeuden Sorkundearen Andre Maria baseliza (Talako Ama esaten diotena), burdinola bat eta zenbait errota. Jesusen Andra Mari parrokia, berriz, Ereñoko San Migelen menpe zegoen. Benefiziodun apaiza Zubieta oinetxeak mantentzen zuen, erregearen nagusi mertzenarioak, eta berari zegokion hamarrenak kobratzea.

Eako herritar gehienak arrantzan aritzen ziren. Hori dela eta, ibaia itsasoratzen den gunean portu txiki bat zeukaten eta eskabetxe-industria bat sortu zuten esekitoki eta gazitegiekin.
1884. urtean Natxitua eta Bedaronako elizateak batu egin ziren eta gaur arte iraun duen Eako udala sortu zuten.

Eako udala XVI. mendean sortu zen, Ereñoko, Bedaronako eta Natxituako arrantzaleek Eako ibaiak eratzen duen kai naturalean egonleku iraunkorra sortu zutenean. Ea ez zen udala izan XIX. mendera arte. Hasieran ibaiak bitan zatitzen zuen; zati horietako bat Bedaronako elizatearen lurretan zegoen eta bestea Natxituako elizatean. Hori dela eta, Eak bi parrokia-eliza ditu. Bakoitza ibaiaren alde batean dago eta zubi batek batzen ditu. Elizen parean dagoen zubiaz gain, herriko kaleak banatzen -edo batzen- dituzten beste hiru zubi daude.

XIX. mendean egoera aldatu egin zen eta Eako portuak bi elizateek baino botere eta biztanle gehiago lortu zituen. Ondorioz, Bedaronako eta Natxituako udalak batu egin ziren, udalerri berriari Ea izena jarri zioten eta udalaren erdigunea Eako portua izango zela erabaki zuten.