Kokapena

Eako udalerria Bizkaian dago, Busturialdeko eskualdearen ipar-ekialdean, eta 14,02 km2-ko gainazala dauka. Iparraldetik itsasoak mugatzen du; hegoaldetik, Ereñok; hego-ekialdetik Ispasterrek, eta mendebaldetik Ibarrangeluk.

Kostaldeak hego-ekialderako ibilbidea egiten du eta altuera handia dauka, 100 metro baino gehiago zenbait tokitan. Honako hauek dira itsasertzeko gune aipagarrienak: Ermintxo Muturra, harrizko Natxituko Lapatzan dagoen badia eta Bedaronako Ea Muturra. Itsasertz malkartsu horretan daude baita ere Eako badia, inguruko ontzien babes-leku bakarra, eta bertako portu txikia eta hondartza.

Barnealdea ere haran sakonez eta hegal aldapatsuz osatutako eremu malkartsua da. Hala ere, material bigunak eta batez ere margak azaleratu zirenean, euriaren higadurak kubeta baxu bat eratu zuen eta han sortu zen udalerriko erdigunea. Handik igarotzen diren erreka garrantzitsuenak Argin eta Goikoetxe ibaiadarra dira eta bat eginda itsasoratzen dira Eako badia txikian.

Udalerriak beste bi auzo ditu: Natxitua eta Bedarona. Natxitua inguru malkartsuan dago eta Bedarona itsasoaren gainetik ikusten den muino batean dago, itsas-mailaren gainetik 150 metrotara. Angelutxu herrigunea, berriz, Ea eta Natxitua artean kokatutako baserri-multzo txiki bat da.

Mapa interaktiboa

  • Ea Turismo
  • Turdaibai
  • Euskadi turismoa
  • Euskalmet
  • Nekatur