Ibilbideak

 
 

Luzera (gutxi gora behera):  3,2Km
Desnibel handiena:   150m
Zailtasun maila:   Erraza
Interespuntuak:
Ea hirigunea, Via crucis, San Bartolome eta Talako Ama baselizak

Ibilbidearen Azalpena:

Ibilbide hau Ean hasten da, San Juan Eliza ondoan. 

Elizaren albo batean hasten den bidea hartuz, zuzenean Bedaroara doan errepideraino igotzen da, harrizko horma artetik doan bide batetik. Errepidea kontu handiz gurutzatu ondoren, justu aurrean dagoen bidea jarraituz, San Bartolome baselizako landara helduko gara. Malda gogorra daukan tartea da hau.

Hemen atsedenaldi bat hartu daiteke eta izen berdineko baserriari itsatsita dagoen baselizara hurbildu. Landa hau ondo prestatuta dago, mahai, sua egiteko instalazioekin etab. bertan, nahi izanez gero hamarretakoa egiteko. 
 
Ondoren, Bedaroara igotzen den burdi-bidetik jarraitu behar da, Olabe baserria eskuinaldera utziz, eta gero aintzinako andabidetik jarraitu Bedaroako errepidera heldu arte. Errepidea alde batera utziz Portu baserri ondotik telefonia mugikorreko antenetarantz doan bidea hartu behar da.
 
Hau, aintzina Eatik Bedaroara igotzen zen bidea da, gaur egungo bidearekiko paraleloa, egun antenetara joateko erabiltzen dena, azken tartea izan ezik. Antenetara joateko ezker alderantza joan behar da; ibilbide hau jarraitzeko, ostera, zuzen jarraituko dugu, pinudi artetik joanda errepidera heldu arte. 
 
Errepidea gurutzatu eta aurrean dagoen Bix baserrira doan bidea hartuko dugu. Baserrira heldu baino lehen, eskuinaldean bide bat dago. Bide hau jarraituz, Tala baselizara helduko gara, Ea herriko atalaia. Malda nahiko bizia duen jaitsiera da.
 
Baselizatik Eako porturaino ondo egokitutako xenda txiki bat dago, Kurutzebidea, 350 metrotako luzera daukana eta herriko jendeak asko erabiltzen duena. 
 
Ibilbidea Eako portuan kokatutako Beletxe etxean amaitzen da. 

 

Informazio gehiago eta xehetasunak