Ingurumena

HONDARTZA

Erdigunean kokatuta, portuaren ondoan, Eako hondartza ondo ekipatuta dago. Honako zerbitzuak eskaintzen ditu: sorosleak, dutxak, komunak, aldagelak, paperontziak, bizikletak gordetzeko, iturriak edota umeentzako jolasgunea. Gainera, paseatzeko guneak ere badaude eta tabernak eta jatetxeak inguruan.

Hondartza honek Bandera urdina lortu du, Kalitatearen Nazioarteko ISO 9001 Ziurtagiria eta  Ingurumeneko Nazioarteko ISO 14001 Ziurtagiria.

Eako Hondartza: Aholkuak

• Errespetatu seinaleztapenak (banderak) eta hondartza zaintzen dutenen aholkuak.
• Gomendagarria izan daiteke txankletak erabiltzea, bainua hartzen denean ere, ebakiak edo ziztadak saihesteko.
• Ez konpartitu eskuoihalik edo erabilera pertsonaleko bestelako objekturik.
• Hartu eguzkia pixkanaka-pixkanaka eta larruazal-motaren araberako babesa duen eguzkitako krema jar ezazu. Denbora gehiegi eguzkitan egonez gero, erredura larriak gerta daitezke.
• Neska-mutikoekin kontu handiz ibili: haien burua estali, eguzkitako krema ugari eman eta ur asko edanarazi deshidrataziorik gerta ez dadin.
• Erabili dutxa bainua hartu ondoren. Zure larruazala fresko-fresko geratuko da eta bertan itsatsita gera zitezkeen hondakinak kendu egingo dituzu.
• Ez bota janari-hondarrik, latarik, hondakinik eta zigarro-mutxikinik. Erabili paperontzi edo edukiontzi egokia.
• Alde egiterakoan, hondartza aurkitu nahiko zenukeen moduan utzi. Horrela jokatzen badugu, paisaia ez dugu hondatuko eta gune horiek garbi egongo dira.

Eskerrik asko!


Kalitateari eta ingurumenari buruzko politika integratua (PDF 168KB)
Eako hondartzako fitxa (PDF 191KB)
Eako hondartzako planoa (PDF 657KB)

BASOAK

Gure udalerriko basoetan pinu eta eukaliptua dira nagusi, eta beraien ustiaketa intentsiboa da erabiltzen den kudeaketa eredua. Baserri mundutik bizi zirenentzat pinua diru-sarrera osagarri garrantzitsua izan da, baina pinuaren prezioen beherakadak, eukaliptuen zabaltze nabarmena ekarri du (1996an 307Ha izatetik 2010ean 325Ha izatera).

Pinu eta eukaliptuak kudeaketa eredu bera dute, hilaretan landatzen dira, hazi, eta heltzen direnerako "mata rasa" eran mozten dira (monolabore guztia batera) eta ostean berriro ere pinu eta eukaliptuak landatzen dira, sorgin gurpilari jarraibide emanaz. Landaketak txandakatzen ez direnez, espezieak aldatzen ez direnez, lurzorua pobretzen doa; izan ere, landaredia berak nutriente berak kontsumitzen ditu, agortu arte; hori dela eta, gero eta fertilizante gehiago erabiltzen dira. Bestalde, pinu eta eukaliptua exotiko edota kanpokoak dira, eta beraz ez dute bertoko espezientzat habitat funtzioa betetzen. Horrez gain, eukaliptuak ur kontsumo izugarriak behar ditu bizitzeko, sarri ur hartuneak sikatuaraziz. Espezieok, pinu eta eukaliptuak, lurra azidotzen dute bertoko landarediaren hazkuntza zailduaz. Beste arazo larria, lurra goitik behera erortzearena da; arazo hau bereziki zuhaitz guztiak batera moztetik dator, izan ere horrek euri eta haizeteek lurra babes gabe uztea dakar, eta ondorioz "humusa", lur emankor edo aberatsa, urak daroa. Aurreko guztia dela eta, nahitaezko ikusten dugu sentsibilizazio eta komunikazio kanpaina bat abian jartzea, basoko espezien aniztasuna berreskuratze aldera, bai helburu ekonomiko, eta baita ingurumen arlokoak eta sozialak lortzeko asmoarekin.

Asko izan ez arren, badira gurean ere artadi batzuk. Horien guztien kudeaketa jasangarrirako plangintza egiteko asmoa daukagu.

Herri basoei dagokienez, bai Natxituko Irukurtzeen inguruan dagoen lur txatalean (5.860 m2) eta baita Eako Olarako bidean dagoenean ere (38.396 m2), zeuden pinuak kendu eta espezie autoktonoak landatu ditugu. Horien kudeaketa LURGAIArekin batera elkarlanean, auzolanean, gauzatzen da.

 

 

 

 

Tokiko agenda 21